Katalunia eta Aragoiko Bidea sortu zen Languedocetik (Frantzia hegoaldetik) eta Italiatik zetozen erromesen ondorioz, horiek nahiago baitzuten penintsulan Sant Pere de Rodesetik eta La Jonqueratik sartu.
Erromes horiek ez zuten beti biderik motzena edo errazena aukeratzen. Askotan, ibilbide luzeagoak hautatzen zituzten, monasterio ospetsuak bisitatu eta bertako irudi edo erlikiak gurtzeko. Gironan, erromes batzuek San Nartzisoren hilobia bisitatzen zuten eta Bartzelonan asko Santa Eulaliaren hilobira joaten ziren otoitz egitera. Sant Pere de Rodes eta Sant Cugateko monasterioek hartu zuten ospea oso garrantzitsua izan zen ibilbide hori ezartzeko orduan.
959. urtean Cesareo abadea Santiagora iritsi zen Montserrateko Santa Cecilia Monasteriotik abiatu eta gero. Hori egin zuen lehenengoetarikoa izan zen, orain dakigula. Ordutik aurrera, erromes ugariren erregistroak eta testamentuak daude Sant Pere de Roda, Vic, Sant Cugat eta zazpi ospitale izatera iritsi zen Lleidako artxiboetan. Horrek frogatzen du Donejakue Bidearen ibilbide alternatibo bat osatzen zutela. Behin Lleidara iritsita, erromesak Fraga, Zaragoza eta Logroñora joaten ziren, Frantses Bidearekin elkartzeko, garai hartan musulmanen menpe zeuden Aragoiko lurrak zeharkatuz.