Kostaldeko Bidea, 2015eko uztailean Munduko Ondare izendatua, erromesen ibilbide zaharrenetakoa da. Izan ere, bide horri jarraituz zabaldu zen Santiagoren gurtza IX. mendean. Zabalpen horretan elementu ezin garrantzitsuagoa izan zen itsasoa, itsas-merkataritza garatzen lagundu baitzuen. Gainera, erromesentzat berreskuratu ziren kosta inguruko bide zaharrak, erromatarren garaikoak eta Goi Erdi Arokoak. Badira Bidea IX. eta X. mendeetan existitzen zela dioten lekukotasunak dokumentazioan. Gainera, badakigu XII. eta XIII. mendeetan erromes asko iritsi zirela bide honetan dauden portuetara, hala nola, Castro Urdialesera, Laredora, Santanderrera edo San Vicente de la Barquerara.
Ibilbidea zaila da, lurraldearen orografiarengatik, baina edertasun handiko paisaiak zeharkatzen ditu. Bideak labar ondoko goi-ordokiak, kosta aurreko mendizerrak, itsasadarrak eta itsasondoko bailara estuak zeharkatzen ditu, eta horregatik antzinako erromesek lurrez zein itsasoz egiten zuten bidea, batzuetan kabotaje-nabigaziora ere jo behar zutelarik.